Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistema bi azpisistemaz osatua dago: publikoa eta pribatua; eta, gutxi gora behera, unibertsitatekoak ez diren ikasleen erdia dago sistema bakoitzaren barruan. Izaera kuantitatiboaren oreka ematen da, beraz, Europar Batasunean kasu bakarrenetakoa, baina egoera hori ez da hain orekatua aniztasunari ematen zaion erantzunaren banaketari eta sare batean eta bestean nagusi diren osagai sozioekonomikoei erreparatzeri badiegu; behintzat, orokorrean aztertuta.
Desoreka horrek euskal gizartean kohesio handiagoa lortzeko helburua arriskuan jartzen du eta desberdintasun-egoerek bere horretan jarraitzea eragiten du; are gehiago, desberdintasunak areagotu ere egin ditzake. Horretaz jabetu dira hainbat erakunde, batzuk ospe handikoak, hala nola Euskadiko Eskola Kontseilua edo Arartekoa, baita irakaskuntzaren arloan edo gizarte ekintzan lan egiten duten erakunde batzuk ere.
Euskadiko Eskola Kontseiluak Euskadiko irakaskuntzaren egoeraren inguruko txostenak argitaratzen ditu aldizka, eta horien bidez datu batzuk eman ditu ikasle bekadunen, etorkinen, beharrizan bereziak dituztenen, errepikatzaileen eta adinari dagokion mailan ez dauden ikasleen, eta estratuen araberako maila sozioekonomikoaren (sarearen eta eredu linguistikoaren arteko konbinazioa) inguruan. Banaketa oso desorekatua da. 2012-2013 aldiari dagokion txostenean ikus daiteke sare kontzertatuko estratu guztiek sare publikoko estratuek baino ISEK (indize sozioekonomikoa) altuagoa dutela. Horrek eragina dauka emaitza akademikoetan eta kanpo ebaluazioen puntuazioetan, hala nola PISA edo diagnostikorako ebaluazioak. Izan ere, aski ezaguna da egoera sozioekonomikoaren eta errendimendu akademikoaren arteko harremana. Organismo horren azken txostenean, 2013-2015 urteei dagokiena, adierazi da sare bakoitzeko bekadun eta etorkinen portzentajeen aldea handitu egin dela eta garrantzitsua dela zentro batzuetako eta beste batzuetako ikasleen maila sozialen arteko desberdintasunak konpentsatzeko neurriak aplikatzea.
Datu horien arabera, Euskadiko Eskola Kontseiluak berak ekitatearekin erlazionatutako proposamenak egin ditu, hala nola doakotasuna bermatzeko beharrizana, kuoten kobrantza kontrolatuz edo jarduera osagarriengatiko kuotak Administrazioak onar ditzan bultzatuz; azken finean, legeak ezarritakoa betetzeko eskatuz. Hezkuntza plangintzarekin eta ikasleen onarpenerako araudiarekin erlazionatutako proposamenak ere egin ditu, ekitatea eta sareen araberako banaketa bidezkoa hobetzeko.
Bestalde, Arartekoak ezohiko bi txosten argitaratu ditu horren inguruan. Horien bidez adierazi du zentro batzuen eta besteen artean sor daitekeen distantzia handi horren handitze eten beharra dagoela. Horrela izanik, “Hezkuntza beharrizan bereziei erantzuteari” (2001) buruzko txostenean zera proposatu du: babesgabetasun egoeran dauden ikasle gehien dituzten zentroak positiboki diskriminatzea eta beharrizan bereziak dituzten ikasleen banaketa orekatu bat bermatzeko neurriak hartzea. Horrela, “eskola ghettoak” saihestuko genituzke, izan ere, txosten hori egiteko unean egoera kritikoan zeuden 84 zentro kontabilizatu ziren. Erakunde horren “Haurtzaro babesgabeak” (2011) txostenean, hezkuntza beharrizan bereziei arreta emateari dagokionez sare publikoaren eta pribatuaren arteko desorekaren gaia landu zen berriz ere. Ildo horretatik, zentro guztientzako gehieneko eta gutxieneko ratio batzuk ezartzea ere proposatu zen, beharrizan horiek dituzten ikasleen eskolaratzeari dagokionez.
Hezkuntza eta kultura arloko erakunde guztiek aztergai dituzten hausnarketa eta proposamen horiek ez daude egungo lege esparrutik urrun, izan ere, hainbat ordenamendutan aldarrikatzen dira doakotasun, ekitate eta inklusibitate printzipioak, nahiz eta praktikan, oraindik ere, adostutako aspektu asko urratzen diren. Lege Proposamen honek hori guztia zuzentzea du helburu.
Horrela izanik, gure hezkuntza sisteman oraindik ere mantentzen diren segregazio-joera batzuk gainditze aldera, Legegintzako Herri Ekimen honen arabera, zera.
Lehenengoa. Ezarritako guztia ondo betetzeko xedez, hezkuntzaz arduratzen den Sailak eskumena izango du dagokion araudia garatzeko, honako xedapenetan ezarritakoa bereziki kontuan hartuz.
Bigarrena. 1. artikulua betetzeko, Herri Ekimen Legegile hau onartzen denetik gehienez ere sei hilabeteko epean, hezkuntzaz arduratzen den Sailak prozedura eta eragileak arautuko ditu Agindu baten bidez. Horien artean. Hezkuntza arloko Ikuskaritza egongo da, eta irakaskuntzaren doakotasunaren printzipioa betearazteaz arduratuko dira.
Hirugarrena. 2. artikulua betearazteko, Legegintzako Herri Ekimen hau onartzen denetik gehienez ere sei hilabeteko epean, hezkuntzaz arduratzen den Sailak kobrantza horiek onartzeko eta Euskal Herriko Aldizkari Ofizialera bidaltzeko prozedurak arautuko ditu, autonomia mailako Agindu baten bidez.
Laugarrena. 4., 5., 6. eta 8. artikuluak betearazteko, Legegintzako Herri Ekimen hau onartzen denetik gehienez ere sei hilabeteko epean, hezkuntzaz arduratzen den Sailak: